2020/03/07

SEKTORE PUBLIKOKO FISIOTERAPIA

HELBURUA:

Elkargo gisa datuak biltzeak, komunikatzeak, adostasuna lortzeak eta pentsatzeak daukaten garrantziaz jabetzea jardun aurretik, baita Osakidetzako fisioterapeuten kolektiboak lidergoa aplikatzeko dagoen beharraz ere.

Martxoaren 2an (astelehena), EFEOko Gobernu Batzordeak erabaki zuen foroak -eta EFEOk antolatutako beste ekitaldi batzuk- bertan behera uztea, osasun-arloko langileen artean koronabirusa zabaltzea ekiditeko, Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde batzuek emandako gomendioei jarraikiz.

Erabakiak kalte egiten dio gure proiektuari, baina saiatuko gara egoerari buelta ematen, testu honen eta larunbatean aurkeztu behar genituen online foroen bidez.

Lau hitzaldi geneuzkan antolatuta, hauen eskutik: Paula Areso (Burgoseko Lehen Mailako Arretakoa, min kronikoan eta fibromialgian espezializatutako fisioterapeuta), Clara Bergé (Bartzelonatik etorritakoa; ariketa terapeutikoko programei buruz hitz egin behar zuen), Eskarne (Bidasoako Ospitaletik, zeinak ospitale hartan bizitako egoeraren berri eman behar baitzigun; horren ondorioz aldatu ziren ospitaleko fisioterapeuten pijamak) eta Galder Asensio (fisioterapiako tratamenduen kostu-eraginkortasunari buruz hitz egin behar zuen). Horrez gain, bi bideo jarri behar genituen. Lehenengoa, Osakidetzan Lehen Mailako Arretako Fisioterapia ezartzeko proiektu pilotuak aurrera egitea ahalbidetu duten kideena; eta, bigarrena, Oier Gorosabelena, hark lagundu baitigu "forocoches" erako online foroak egia bihurtzen, urtarrileko Osakidetzako lehen bileran eskatu bezala.

Asmoa zen pertsona horiek, beren ikuspegiekin, bileran landu nahi genituen puntuekin laguntzea:

1. Betaurrekoak jarri behar ditugu geure burua hobeto ikusteko.

Hasteko, eskerrak eman nahi genizkizuen zuek hobeto ikusten lagundu diguzuenei. Izan ere, Osakidetza Euskadiko enpresa handiena da, 26.500 langile finkorekin, eta guk ez dugu sekula Osakidetzan lan egin. Hortaz, dinamika ulertzen laguntzeko ekarpen oro beso zabalik eta esker-onez jaso dugu. Eta jaso ditugu ekarpenak! Zuei esker, betaurrekoak jarri ditugu, eta gustatu ez zaizkigun gauza batzuk ikusi ditugu: fisioterapeuten presentzia txikia biztanleria kliniko desberdinen ariketa terapeutikoari lotutako gaietan; min kronikoarekin, bizkarreko minarekin, zahartze aktiboarekin, minbiziarekin eta abarrekin zerikusia duten programetan... Gainditzeko oso zaila izan da, eta ez da gainditu behar izan dugun gauza bakarra.

Unitate independenteka (ESI) lan egiten denez, gehien-gehienek beren ESIan edo beste bi edo hirutan gertatzen denaren ikuspegia baino ez dute. Badakizue bizi dituzuen errealitateak oso ezberdinak direla, baina egoerari buruzko ikuspegi kolektiboa galtzen duzue.

Louis Gifford-en Organismo Helduaren Ereduari jarraikiz, ikasi eta heltzera (hobetzera) bideratutako eredu batek datuak bildu, aztertu eta horrekin bat etorriz jardun behar du nahitaez.

3. Ikusezintasuna eta ahalduntzea.

Pijamaren gaiarekin nola funtzionatzen duzuen ikusteko eta hausnartzeko denbora izan dugu, eta lehenengo bileran adierazi zenutenez, komunikatzeko bide eraginkor bat falta zaizue: kolektibo gisa aurretiazko adostasun-falta hauteman dugu jardun aurretik (pijamaren koloreari eta eskaera egiteko modurik onenari buruzko adostasunik ezaren ondorioz, eskaera hainbat bidetatik egin da, bide horiek egokiak ziren edo ez jakin gabe; eta gutxik egin dute "prebentzio-medikuntzaren" bidearen alde, urtarrileko bileran hori gomendatu zen arren). Gure esku dago horiek guztiak hobetzea; horretarako, ahots bakar bat izatea eta jarduteko biderik onenak erabiltzea oso lagungarria izan daiteke.

Zuen iradokizunari esker, eskuragarri dago jada forocofpv.com.

Espero dugu komunikazioa hobetzen lagunduko digula. Hauek sartu ditugu:

1. Pijamaren kolorea adosteko galdetegi bat.

2. Osakidetzako kideek pijama eskatzeko eginiko idatzi bat.

3. Infografia bat egiteko aukera baloratuko dugu, fisioterapeuten eskumenak jasotzen dituena, pijamaren kolore berriarekin, hori erabiltzen hasten denerako. Zer iruditzen zaizue?

4. Pijama eskatu eta eskuratzeko prozesua monitorizatzeko taula bat.

5. Kolektiboa harremanetan jarri eta dinamizatuko duen talde bat sortzen joateko beste taula bat. Posible ikusten duzue? Gure proposamena da ESI bakoitzeko ordezkari bat egotea. WhatsAppeko talde bat sor daiteke, etab. Gaur egun, hori egiteko hamaika modu daude.

6. Prestakuntzaren beharrari eta ESI batzuetan sortzen ari diren zailtasunei buruz hitz egitea. Foroan aurrez aurre egin ezin dugunez, online foroen bidez egin daiteke hori, konponbide bat bilatzen saiatzeko.

Ideiak besterik ez dira. Zuekin komentatu nahi genituen, hobetzeko edo forma emateko. Bileran egin ordez, online egin dezakezue hori; forocofpv.com tresna horretarako da.

Momentuz, foroetako administratzaileak Iñigo, Galder eta Goretti gara, baina espero dugu besteren batek ere gurekin bat egitea. Online foroei edo 2.0ari bultzada eman nahi dietenak gurekin harremanetan jar daitezke posta elektroniko bidez (forofisioterapia2020@gmail.com).

4. Harremanak sendotzea.

Ospatzeko dugunaz hitz egitea: lehen mailako arreta martxan jartzea, "Birika Erauzketa Onkologikoko Kirurgian Fisioterapia erabiltzeko Protokoloa" argitaratzea, etab. Horrek guztiak gure arteko harremanak sendotzen laguntzen digu.

Gure kostu-eraginkortasunari buruz eta horren ebidentziari buruz hitz egiteak ere gure arteko harremanak sendotzen laguntzen du, fisioterapia leku onean jartzen baitu erronka soziosanitario berriei begira.

Tarte bat erabili nahi genuen gauza onei buruz hitz egiteko, gauza onak ere baditugu eta.

5. Erronka soziosanitario berrietan dugun presentzia.

Gai horiek aipatu nahi genituen, eta zer iruditzen zaizuen ikusi.

6. Autolidergoaren beharra.

Taula bat jarri dizuegu forocofpv.com foroan, ideia honi forma emateko.

4. Esnatuko gara?

Lozorrotik esnatzen ari den erraldoiaren ideia horrekin amaitu nahi genuen... Hala izan dadila!

5. Balorazio-inkestak betetzea.

Besteak beste, galdera hauek egiteko asmoa genuen:

* Egokia iruditzen zaizu gauzatu beharreko ekintzei buruz gaurko hitzaldian eman dugun ikuspegia? Eta horretarako eman ditugun tresnak? (1. Pijama lortzeko pausoak ematea; 2. Gaitasunen infografia bat egitea; 3. Pijama ez daukagun bitartean, fisioterapeuta gisa identifikatzea; 4. Hurrengo bilerarako (maiatza) hitzaldiak aurkeztea; 5. ESI bakoitzeko ordezkariak lortzea, kolektiboaren buru izateko eta taula betetzeko; 6. Egingo denari buruzko mezua Osakidetzako fisioterapeuta guztiengana hel dadila lortzea).

* Posible iruditzen zaizu Osakidetzako fisioterapeuten kolektiboak autolidergoa aplikatzea? Zer eskatuko zenieke talde horretako kideei? Laguntzeko prest zaude?

Hori geneukan pentsatuta, baina foroak dira, ez hitzaldi bat. Alde handia egoten da prestatuta eramaten dugunetik gero benetan gertatzen denera, eta alde horren falta sumatzen dugu, hori baita foroei aberastasuna eta zentzua ematen diena. Espero dugu akta honi falta zaiona online foroetan osatzea... Hor ikusiko gara!

forocofpv.com


© 2019 Fisioterapian Paradigma Aldaketa bideratzeko Foroa
Creado con Webnode
¡Crea tu página web gratis! Esta página web fue creada con Webnode. Crea tu propia web gratis hoy mismo! Comenzar