2020/02/08

BIGARREN FOROA 2020/02/08

SEKTORE PRIBATUKO FISIOTERAPIA

HELBURUA:

"Zenbait jarduketa-lerro adostea gure zerbitzuak eta irudia 

(are gehiago) hobetzeko".

Ekimen handi horretan parte hartu dugu gaur.Energiaz eta gauzak aldatzeko gogoz beteriko jendea, ikuspuntu interesgarriak emateko prest, betiere gainerakoen iritzia guztiz errespetatuz...Apirila iristeko irrikan gaude jada.

Gaur, sektore pribatuko fisioterapia optimizatzeari buruz hitz egiteaz baino harago joan gara.Espero dut OLATU hau espero dena bezain handia izan dadila, eta merezi dugun bezain urrun iristea.Eskerrik asko.

Hausnarketarako espazio bat ireki da, eta hori beti da positiboa.Zailena jendea elkartzea da, baina motibazioa eta gogoak daude.Animo, oso lan polita egiten ari zarete!

BERTARATUEN TALDEAREN EZAUGARRIAK

Sektore pribatuko fisioterapeuten lehen bilerarako, bertaratuen talde heterogeneoa espero genuen, askotariko iritziekin eta aldaketa-zikloaren fase desberdinetan (Prochaska eta DiClemente oinarri hartuta: aurrekontenplazioa, kontenplazioa, prestaketa, ekintza, mantentzea, berrerortzea)... Hala ere, ikusi dugun egoera bestelakoa da, eta talde osoak jada "bat egin" du paradigma-aldaketarekin; baina bertaratutako bi lagun islatuago sentitzen ziren paradigma-aldaketaren definizio honekin: "etika profesionalez jardutea, gaur egun ikerketari esker ezagutzen dugunarekin bat".

Power point-eko aurkezpena talde heterogeneo batentzat prestatu zen, baina ez da halakorik izan. Jakin badakigu gaur bildutako taldea EZ dela kolektiboaren errealitatearen isla, eta ez dakigu zergatik etorri diren soilik profil hori duten elkargokideak. Nolanahi ere, eta beharrezkoa balitz, azpimarratu nahi dugu elkargokide GUZTIAK direla ongietorriak foroetara; izan ere, gure ustez, garrantzitsua da GUZTIAK sentitzea parte hartzeko libre, topagune eta errespetuzko espazio bat baita sustatu nahi duguna, gure egoera optimizatzeko, GU GUZTIONA.

"Paradigma-aldaketa" entzuten dugunean, soilik jada aldaketarekin bat egin duen kolektiboaren zatia al dago sentsibilizatuta? Gaizki ulertu al da foroen helburua? Ez dakigu... beste bi bilera falta zaizkigu sektore pribatuarekin, etortzen diren elkargokideen profila edo foroei buruz kolektiboak sortu duen irudia baloratzen jarraitzeko. Helburua kolektiboa optimizatzea besterik ez da, aldaketei aurre egiteko eta horiek aplikatzeko.

Dena den, gaurko taldea arretatsua, aktiboa, motibatua, parte-hartzailea, errespetutsua, filosofikoa?, heldua? (galdera-markarekin jarri dut baieztatzeko goiz delako, baina hala dirudi) izan da, eta ideia asko aurkeztu dizkigute... Antzeko ideiak zirenez, bilerak antolatzaileek espero genuena baino askoz jario hobea izan du, eta, beraz... Ezin dugu gehiago eskatu! Mila-mila esker!!!

Hauek izan dira, besteak beste, WCPTk erabili dituen leloak nabarmentzen ari denaren ezarpena sustatzeko (kalkulatzen da 15 urte behar direla ikerketako emaitza batetik jardun klinikora igarotzeko): "Expanding Horizons" (Horizonteak irekiz), "Stronger together" (Elkarrekin, indartsuago), "Call to action" (Ekintzarako deia) eta "Move profession forward" (Eraman dezagun lanbidea aurrerantz). Gure sentsazioa da "Move profession forward" horretan dagoen taldearekin egin dugula topo, nahiz eta topaketaren amaierako balorazio-galdetegietan behin eta berriro atera zen elkargo proaktiboago bat bihurtzeko konpromiso pertsonalaren eta taldekoaren gaineko zalantza.

Zalantzarik gabe adieraz dezakegu fisioterapeuta oso aktiboak aurkitu ditugula, eta elkargoari oso ondo etorriko litzaizkiokeen indarguneak hauteman dira, nahiz eta elkargokide gisa pasiboak izaten jarraitzen dugun (azken batean, Prochaska eta DiClementeren eredua erabili dugu azkenean elkargo pasibo izatetik aktibo bilakatzeko aldaketa-ziklo honetan geure buruak baloratzeko).

Gure aldetik, oso motibatuta gaude topaketa honen ondoren aurrera jarraitzeko, eta ea guztion artean, apirilean, astindu on bat ematen diogun egin behar dugun guztiari, bereiziz eta lanak banatuz: talde batek online zatia hobetzeko ekarpenetan lan egin dezake, beste batek beharrak defini ditzakete, etab. (gertatutakoaren laburpen-saiakera honen bukaeran zehaztuko dugu "banaketa").

PARADIGMA‑ALDAKETA. ZER DA?

Hasteko, paradigma-aldaketa zer den azaltzen saiatu gara. Fisioterapiaren bilakaera testuinguruan jarri dugu, David Butler-en "The nervous system" liburuaren ilustrazio batetik abiatuta; eta laurogeita hamargarren hamarkadan Euskadin fisioterapia zein puntutan zegoen aztertu dugu, Louis Gifford jada Pain Revolution-arekin zegoen bitartean.

Erkaketa hori egin nahi genuen (fisioterapia anglosaxoia eta euskalduna - sakatu hemen) arrazoi honengatik: Kübler-Ross-en aldaketa-ereduaren lehen faseei erreparatuz gero, uste dugu negazio-faserako joera dagoela beren bizitzen erdia fisioterapian eman duten elkargokideen aldetik, baita frustraziorako joera ere hainbeste denbora ez daramatenen artean. Batzuk, desikasi egin behar dutelako "berria dena" ikasteko, horrek dakarren guztiarekin; eta besteak, moduren batean "maitemindu" egin direlako "bizilagun" anglosaxoiarekin, baina hemen duten errealitatea guztiz bestelakoa da. "Bertako" fisioterapiak bestelako bilakaera izan du, eta hori onartzen joan behar lukete. Izan ere, "bertako" fisioterapiari dagoen lekutik lagundu behar zaio, eta ez egotea nahiko genukeen lekutik. Antza denez, inor ez da libratzen gaizki pasatzetik, baina arrosa bihur ditzagun gure bandera horiak (foroetako leloetako bat izango da hori ;)), Louis Gifford-en omenez. Fisioterapeuta hori da "Aches and Pains" lanaren egilea, fisioterapia anglosaxoiaren bilakaera ulertu eta fisioterapiari zuzendutako ebidentzia zientifikoaren olatu berri honen zati handi baten abiapuntu den mamiaren berri izan nahi duten interesdunei gomendatu dieguna.

"Bertako" fisioterapiarekin adiskidetu nahi duten kideentzat, berriz, Lara Garzónen sarrerak gomendatzen ditugu (lafisioterapia.net).

Produktiboa izan da.Asko gustatu zait lanbideko beste kide batzuekin biltzea foro "informal" eta, aldi berean, serio eta ilusionagarri batean.

Bidea hasi dugu jada, eta hori da zailena.Bide luzea dugu aurretik, baina badugu bidea.

Topagune honek bide berriak irekitzen lagun dezake, gainera.

ALDAKETEN ZAILTASUNA

Aldaketei buruz hitz egin dugu, eta aipatu dugu edozein gauzaren hastapenetan beti izaten dela zerbait "txarra", "tartean sartzen" den zerbait. Ezer ez da perfektua. "Zein da paradigma-aldaketan tartean sartu den "sorgina"?" galderaren erantzunak hauexek izan dira:

-Aldaketarekiko erresistentzia.

-Bereizketa, gure arteko kritika, talde gisako ahultasuna.

-Gure egitekoen zehaztapen-falta, estrusismoa.

-Irizpide-falta, ikastaroetan eta pazienteei fisioterapeutaz fisioterapeuta beren arazoak konpontzera joaten direnean aplikatzen zaizkien tratamenduen aniztasunean islatzen dena (10 fisio = 10 tratamendu).

-Intrusismoa, eskumenen usurpazioa.

-Laneko sistema, zeinetan "lana aurrera atera" behar baita presiopean.

-Exijentzia urria pazienteen aldetik.

-Oinarrizkoa da aldaketari kautelaz begiratzea. Elektroterapiatik eskuzko tratamenduetara bitarteko tratamenduetatik gatoz, hortik neurozientziara, eta pilates eta kinesiotaping bezalako modekin. Ebidentzia bai, baina zentzu kritikoarekin. Argitaratzen den guztia ez da ona. "The Lancet"-ek bere editorialean onartu zuen argitaratzen denaren erdia baino gehiago faltsua dela. Ezinbestekoa da irakurketa kritikoa egitea beti. Irakurketa zientifikoa berria da gutako askorentzat, eta ikasi behar dugu irakurketa kritikoak egiten.

-Beldurra.

*Tratamendu pasiboetatik aktiboetara igarotzea, pazienteak esparru pasibora ohituta daudenean eta gehiago baloratzen dutenean (gizartea hezteko esku-hartzeak egin litezke, ariketa fisikoaren garrantzia azpimarratuz).

*Faktore psikosoziala kudeatzen ez jakitea (gaitasun bigunei buruzko prestakuntza).

-Ezintasuna: ezer aldatu ezin izatea.

-Nagitasuna: ezintasunaren ondoriozkoa.

-Osteopatia: "fisioak bagara, zergatik hitz egin behar dugu osteopatiari buruz?". Hori izan da gaia plazaratu dugunean eginiko galderetako bat (kolektiboaren zati handi batek "osteopatia" lantzen duelako, eta gai horri buruz hitz egin behar da. Taldea heterogeneoagoa izan balitz, beharbada aukera izango genukeen ikusteko hartu behar dugun norabideari buruzko ikuspegi bateratu bat lortzerik ba ote geneukan).

HIGHWAY TO HELL

Foroetarako bertaratzea ikusita, bertaratuei jakinarazi nahi izan diegu, lehen foroari esker, topaketak sustatzen ditugun taldean "bosgarren martxa" sartu dugula (denak emanda goaz). Hori da gure hordagoa, kolektiboari luzatzen diogun gonbidapena, gure proposamenaren "olatura" igo dadin modu aktiboan. Proiektuaren iraupena 6 hilabetekoa da, eta emaitzak, batez ere, elkargokideen konpromisoaren eta inplikazioaren araberakoak izango dira.

Proposamenak aurrera ateratzeko beharrezkoa den elkargokideen portzentajea aktibatzea lortzen ez badugu, ez da ezer gertatzen; etorkizun hurbilean beste olatu batek lortuko du. Gakoa da proposamen batek bat egitea funtzionatzeko nahikoa aktiboa den elkargoaren zati baten timingarekin, eta estilo honetako ekimenak sortzen jarraitzea (baita hobeak ere, eta egingo dira halakoak).

Gure ekimena oraina da... eta Twitterreko kontuan (@Forofisioterap1) adierazten dugun bezala "Parte hartzeko foro bat gara, non elkargokideek eragingo duten miraria gerta dadila edo ez, baina... mirariak maite ditugu".

Gure ustez, ebidentziaren alde egiten duen fisioterapeuten elkargo bat elkargokideak hezten dituen elkargoa da, aktibo bilaka daitezen, eta haiei ere lekua emanez (guraso-haur harreman batetik, non batek eman eta agintzen duen eta besteak jaso eta eskatu, heldu-heldu harreman batera igaroz, indibiduoa bere sormen eta talenturantz askatuz), eta, esan dugun moduan, bakarrik lanean aritu garenez, askotariko talentuak garatu ditugu eta, batera, gauza handiak egin ditzakegu ;). Eta ez ditugu inola ere ahaztu behar gazteen indarra eta gogoak: gazteria zoragarria!!!

Espero dugu pixkanaka elkargokideak kontzientziatzea eta ikustea zer-nolako garrantzia duen egiten dituzten proiektuak, ikerketak eta halakoak partekatzeak, kolektibo guztiak jaso ditzan ezagutza/datu horien onurak eta gutxika kolektiboa helduz joan dadin. Garrantzitsua da kolektiboak atzeraelikadura-sistema bat izatea, banakako edo taldeko proiektu bakoitzarekin hutsetik ez hasteko. Ez dugu egun batetik bestera lortuko, 

baina uste dugu bide horrek baterako ikuspegi bat ezar dezakeela, zeinetan ados egongo baikara, talde heterogeneo gisa.

Gifforden Organismo Helduaren Ereduan bezala, ebidentziaren alde egiten duen elkargo batek datuak biltzeko, pentsatzeko eta jarduteko modu jakin bat izan behar du. Hau da esku artean ditugun lantaldeen eta proiektuen dinamiken proposamenarentzat buruan darabilgun izena: "Euskal Fisioterapeuten Heltze Profesionalari Aktiboki Aurre Egiteko Eredua" (Fede eta Miguel Ángel Galán kideen lanaren omenez, Giffordekin nahastuta; baimena eman behar digute).

Eredu horretan, giza gorputzean bezala, komunikazio azkarreko zenbait bide egongo lirateke (elkargokideen artean sortzen diren gai garrantzitsuak, berehala Batzordera helarazi behar direnak, berehala esku hartzea eskatzen dutenak: Osakidetzan norberaren pijama ez izateagatik gertatutakoa, Osakidetzan Lehen Mailako Arretako Fisioterapia martxan jartzea, erasoa sektore pribatuko kide bati, etab.). Horrez gain, beste komunikazio-bide batzuk ere egongo lirateke, motelagoak; horietan, motel prozesatuko dira proiektuen eta lantaldeen emaitzak, aldez aurretik oso argi izanda zer-nolako babesa behar den horiek gauzatzeko, eta prozesua eta emaitza erregistratuz, kolektiboak norabide horretan egin ditzakeen beste ekimen batzuetarako atzeraelikadura izateko.

Badakigu kopiatzea eta hobetzea ikaskuntza-fasearen zati dela; beraz, kopiak onartu beste aukerarik ez zaigu geratzen, baina kode etikoa ere kontuan hartu behar dugu (denak ez du balio). Ea nola ematen diogun forma ideia horri...

Ebidentziaren aldeko apustuak baino gauza gehiagok definitzen dute elkargo bat, baina, foro hauen testuinguruan, nahiago dugu aldi baterako lantaldeak edo proiektuak erregistratzeko filosofia horri jarraituz antolatzeko apustuaren alde egin.

Gaur egun, EFEOk ez dauka lantalderik, eta lanean ari diren bakarrak Batzordeko 8 kideak dira.

Gure proposamena da egitura erdiautonomo bat gehitzea Batzordeari (foroan azaldu da, baina hobeto zehaztu behar da), eta talde edo proiektu horiek bertatik funtzionatzea. Beharrezkoa litzateke elkargokideen heziketa-koaderno batzuk osatzea, baita hasieran eta bukaeran betetzeko balorazio-galdetegi batzuk ere, hala nahi duten elkargokideek lantaldeak/proiektuak aurkezteko, online plataformak garatzeko, proiektuak/taldeak nola doazen egiaztatzeko egutegiak egiteko eta "ereduak" funtzionatzen duela bermatzeaz arduratuko diren pertsonak izendatzeko (foroetako moderatzaileak, hasierako elkarrizketak, balorazio-inkestak, prozesurako laguntza, etab.).

Itxaropenez eta optimismoz beterik nago, aurrera egiteko gogotsu.Azaldutakoa egingarria eta beharrezkoa da.Kolektiboa gehiago inplikatzea behar dugu.Lan handia egiten ari zarete.

Ikuspegi honen alderdirik indartsuena da aldaketa iritsi dela, eta Elkargoak eta lanbideak eguneratu egin behar dute.Zaila izango da ikuspegi hori ezartzea, konpromisoa eta lan pertsonala eskatzen baitigu.Ni, oraingoz, motibatuta aterako naiz hemendik, eta apirilean itzuliko naiz.

Oso ikuspegi ona iruditzen zait. Hartara, ez da hainbesteko distantziarik egongo Batzordearen eta elkargokideen artean, eta iragazki batzuk eta partekatzeko espazio batzuk egongo dira. Baina, hala ere, konplikatua da.Bestetik, ikuspegiak badu ahulgune bat ere: kolektiboak parte-hartze eskasa duela, batzarretan gertatzen den bezalaxe.

ELKARGOAREN LOGOTIPOA, ELKARGOAREN EGOITZA, ELKARGOEN KONTSEILU OROKORRA

Elkargoaren xede soziala betetzen ari gara, baina elkargokideak gogobeteta geratzea falta da. Elkargoaren logotipoak hauek iradokitzen ditu: eskuak, sarraila, giltzak, "itxita"... Irudi hori eman nahi dugu? (hor uzten dut galdera).

Egoitza erakutsi diegu bertaratu direnei, erabilgarri ditugun espazioak ikus ditzaten, lantaldeak edo halakoak egin nahi badira ere.

Hainbat ekimeni buruz hitz egin dugu (Fisio-Q, Ariketa Terapeutikoaren Ikastaroa eta Zientziarako Plataforma), batez ere plataformaren mantentze-lanek EFEOko kolektiboarentzat dakarten kostua baloratzeko eta egiten den inbertsioa zalantzan jartzeko. Robertok esan du agian norbait kontratatuko dela ikerketarako aholkularitza-lanak egiteko, plataforman inbertitzen jarraitu beharrean.

APIRILEKO BILERARAKO ZEREGINAK BANATZEA

Eredu egoki bat sortzeko eta bertatik funtzionatzeko, mugikortasuna (edo iraunkortasuna) emanez proiektuei eta lantaldeei, beharrezkoa da, besteak beste, elkargoen arteko, elkargoarekiko eta bestelako konexioak ahalbidetuko dituzten online egitura berriak sortzea. Hori dela eta, apirileko bileran taldetan banatuko gara, eraginkortasun handiagoa lortzeko larunbat goiz bakar batean. Elkargoaren egoitzan ditugun espazioek horretarako aukera ematen digute; beraz, seguruenik zenbait talde egingo ditugu.

Komeni zaigu, apirilaren 18ko bilerara etortzeko EFEOn izena ematen duzunean, zein taldetan parte hartu nahi duzuen adieraztea. Arren eskatzen dizuegu aurkezten dizkizuegun esparruetan egin ditzakezuen ekarpenekin laguntzeko. Bi hilabete ditugu zer ekarpen egin ditzakegun aztertzeko eta hausnartzeko.

-1. TALDEA: 2.0 FISIOTERAPIA

Talde honetan Skype bidez ere parte hartu ahal izango da. Brainstorming bat egitea interesatzen zaigu, beharrak detektatzeko. Oraingoz, "Forocoches"-en antzeko zerbait diseinatzen ari gara, zuhaitz-egiturakoa, sektore publikoko fisioterapeuten taldeak hala eskatuta. "Forocoches" erako egitura horrez gain, zer nahiko zenukete? (une honetan, Skype EFEOren goiko aretoan bakarrik erabil dezakegu, eta bertan egingo da 2.0 Fisioterapiari buruzko bilera. Zenbait ekimen erabil ditzakegu inspirazio-iturri gisa, hala nola Fisioterapia Sin Red, ezagutza partekatzeko taldeak -Raúl Ferrerren minari buruzkoa, esaterako-, ezagutza trukatzeko foroak, etab.).

Plataforma digitalez gain, gustatuko litzaiguke infografiak, bideoak eta halakoak atsegin dituzuenekin harremanetan jartzea, eta aztertzea zer informazio transmititu nahi dugun formatu horien edo beste batzuen bidez.

-2. TALDEA: ORIENTAZIO SOZIALAGOKO LANA

Gure asmoa da talde honetan parte hartzea Euskadiko pazienteen elkarteekin lan egiten duzuen fisioterapeutek. Ezagutu nahi zaituztegu, eta zuen beharrak aztertu. Zer ideia dituzuen, zeren falta sumatzen duzuen, etab. Ideia ona izan daiteke, adibidez, pazienteen elkarteei zuzendutako galdetegiak osatzea.

-3. TALDEA: SEKTORE PRIBATUKO JARDUNEAN DAUDEN BEHARRAK DETEKTATZEA

Zerrenda bat egingo dugu eta ea zer egin dezakegun denon artean.

-4. TALDEA: SHOW MEDIATIKOA

Foroak show mediatiko batekin amaitzea erabakitzen badugu, mezuak argia eta adostua izan behar du. Talde batek ideia horri bueltak ematea nahiko genuke 2020ko ekainerako: nola saldu fisioterapia. Laugarren talde honek brainstorming bat egin behar du. Galdetegiek adierazten dute beharrezkoa dela show mediatikoak egitea, baina kide batzuek esaten dute show-a beranduago egin daitekeela. Edonola ere, ondo dago gure kolektibotik gizartera iristea nahi dugun mezuak diseinatzea.

-5. TALDEA: HITZALDIAK, EGIN DITUZUEN ETA KIDEEKIN PARTEKATU NAHI DITUZUEN PROIEKTUEN AURKEZPENAK

Talde honetan, hainbat hitzaldi aurkeztuko ditugu eta gure kideek azken urteotan egin dituzten gauza interesgarriak entzuteko aukera izango dugu. Interesgarriak izan daitezkeen proiektuak, doktoregoak, taldeak eta halakoak egin dituzuenok, edo etorkizun hurbilean EFEOtik gauzatu nahi izango zenituzketen proiektu edo lantalde interesgarriak buruan dituzuenok, mezu elektroniko bat bidal dezakezue helbide honetara: forofisioterapia2020@gmail.com. Bertan adierazi beharko duzue apirileko bilerarako dela, eta esan behar duzue zuen ustez zer ez den ondo ateratzen zuen proiektuak gauzatzen saiatzen zaretenean (adibidez, Physio Set App‑ekoek esan zigutena, eta ziur kasu gehiago ere badaudela; bidali mezu elektroniko bat, mesedez).

Izena jende gutxik ematen badu, agian talde batzuk aldatu (elkartu) egin beharko ditugu, baina espero dugu talde guztietan egotea beren aletxoa jarri nahi duten fisioterapeutak. Larunbat goiz batean, denon artean, gauza asko egin ditzakegu. Goizaren bukaeran, egindakoak taldean azalduko ditugu, denok jakin dezagun gure kideak zertan aritu diren.

Ikuspegia egingarria da eta indargune asko ditu, denak ez esateagatik.Lan asko egin behar da eta ahalegin handia egin beharko dugu, baina merezi du.Esan bezala, kanpora begira ezer egin aurretik, gure artean jarri behar dugu ados.Foroena ekimen egokia da; horrelako zerbait behar genuen.

Impossible is nothing; ikuspegi egingarria da, baina zaila aldi berean.Oztopo asko gainditu eta alderdi eztabaidagarri asko landu behar ditugu.Ondo iruditzen zait ekaineko bileran show mediatiko bat egitea, baina eduki eta mezu oso argia izan behar ditu.

Nik ekaineko bileran beharrak lantzearen alde egingo nuke.Uste dut egun bateko show mediatiko batekin ez dugula behar besteko eraginik izango.Ikuspegia pixkanaka aldatu behar dugu.

Show mediatiko bat egitea oso ideia ona iruditzen zait; uste dut gehiagotan atera behar dugula kalera.

IKUSPEGI HONEKIN, NOLA HOBETU DAITEZKE GURE ZERBITZUAK ETA GURE IRUDIA?

Datuak erregistratzen dituzten elkargokide aktiboak izateak gure gogo-aldartea hobetuko du eta inspiratu egingo gaitu. Horrek, bere kabuz, gure zerbitzuak hobetzea ekarriko du.

Lantaldeen edo proiektuen (epe luzekoak edo motzekoak) arabera elkartzeak aukera emango digu gauzak errazago egiteko; izan ere, itxuraz dirudiena baino askoz ere helburu komun gehiago ditugu.

Elkargoak mezuak azkar jasotzeko bide bat izango du, eta hala kolektibo gisa hobeto koordinatuta gaudela eta eraginkorragoak garela sentituko dugu.

Milaka gauza ikas ditzakegu elkarrengandik: prestakuntzaren kalitatea, irakurketa kritikoaren hobekuntza... Ea behar adina elkargokidek egiten dugun bat mugimendu honekin, gure ametsetako batzuk egia bihurtzeko.

Apirilean ikusiko gara!

PD: Jarraian duzue aurkezpena egiteko erabili dugun materiala. Bideoen atalean, ikusiko duzue ez genuela jarri "gaitasunen eta eskaeren" bideoa; izan ere, arrazoia edozein dela ere, talde horrek ez zeukan arazo handirik lan-kargarekin (paziente gehiegi aldi berean, etab.). Bideo hori lan-karga handia duzuenontzat da, eta gure asmoa zen esatea ulertzen genuela zaila dela paradigma-aldaketa egiten ahalegintzea, egunerokotasuneko eskaerek gainditu egiten dituztenean norberaren gaitasunak. Sektore pribatuko kolektiboaren zati horren zailtasunak ezagutzeko interesa genuen. Ea profil horretako norbait etortzen den bigarren bilerara; izan ere, profil horretako jendea badago sektore pribatuan ere.


© 2019 Fisioterapian Paradigma Aldaketa bideratzeko Foroa
Creado con Webnode
¡Crea tu página web gratis! Esta página web fue creada con Webnode. Crea tu propia web gratis hoy mismo! Comenzar